Oraingo Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeen aurrekariak lehenengo mundu gerra amaitu osteko lehen urteetakoak dira. 1919an, Lanaren Nazioarteko Bureau-a sortu zen; nazioarteko biltzar horretan, gobernuek, langileek eta enpresaburuek parte hartu zuten, denen artean lan-baldintzak hobetuko zituen nazioarteko legeria egiteko.
Hortik abiatuta, lehenengo ituntze-tresnak sortu ziren Europan; horiek izan ziren oraingo Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeen aurrekariak. Lehenengo erakundea Frantzian sortu zen, 1925ean, eta, geroago, antzekoak eratu ziren Europako beste herrietan, bereziki, bigarren mundu gerra amaitu ostean.
Europako Ekonomia Erkidegoak berak, bere organo gorenen artean, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea sortu zuen. Funtsean, bateratuak dira denak, euren izaeran eta zereginetan: aholkularitza-organoa da, eta bere helburua da gizarte eta ekonomia-interes askotako ordezkariek gobernuen politika ekonomikoan parte hartzea, eta, aldi berean, euren artean elkarrizketan eta lankidetzan jarduteko aukera ematea.
Era berean, Batzordeak ez du jarrera pasiborik; ostera, berezko ekimena du iradokizunak edo ebazpenak dagozkien gobernuei egiteko. Aholkularitza-organo hori autonomoa da, ez da Gobernuaren menpekoa; eta bere txostenak, lotesleak ez izan arren, askotan aginduzkoak dira, eta beti dira aintzat hartzeko moduko iritziak.
Europako Ekonomia Batzordera joateko esteka